Maitane Elduaien(e)k 2010-Ekainak-15

Jarduera fisikoak eta kirolak gure osasunean eta bizi kalitatean duen garrantziaz jabetzen hasi bagara ere, uka ezinezkoa da egun bizimodu sedentario batean murgilduta bizi dela gizartearen ehuneko handi bat. Europan %34ak (Kirol eta Jarduera Fisikoari buruzko Eurobarometro Berezia, Europako Batzordea, 2010) eta Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, %46ak (Kirol Ohiturei buruzko Inkesta EAEn, Eusko Jaurlaritza, 2009) ez du kirola egiteko ohiturarik.
Horregatik, azken urteotan kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko hamaika ekimen aurki ditzakegu gure inguruan, nagusiki, gazteentzat, adin hauetan hartzen baitira kirola egiteko ohitura iraunkorrak. Gipuzkoa mailan ekimen ezagunena, ziur aski, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Gazte Kirol Plana da, baina badira tokiko beste zenbait ekimen ere. Gai honen harira eta honen guztiaren inguruan hausnarketa egiteko, Kirolartek tailer bat antolatu du, ekainaren 16rako.
Gazteen kirol ohiturak eta kirol uztea aztertzen hasiz gero, gazteen egungo aisialdia aipatzea derrigorrezkoa zaigu. Azken urteotan gazteen aisialdia aldatu egin da, nabarmen. Aisialdi digitalak garrantzia hartu du eta gero eta denbora gehiago igarotzen dute ordenagailu baten aurrean, batez ere, interneteko sare sozialak sortu zirenetik. Sare sozialak egon bazeuden aurretik ere, lagun taldeak, kirol taldeak, e.a., baina beraien artean komunikatzeko sistema berria sortu dute, birtuala, ordenagailu aurretik mugitu gabe lor daitekeena. Julen Iturbek dioen moduan, sare sozial birtualak tabernak bezalakoak dira, lagunak elkarrekin bildu eta nahi dutenaz hitz egiteko tokiak, hain zuzen.
Aisialdi mota berri honen aurrean, beste esparruetan bezala, kirolean ere egoera honetara egokitu beharra dago. Komunikazio prozesu guztietan igorleak hartzailearen beharretara moldatu behar du mezua, kodea eta kanala helburu komunikatiboa lortze aldera. Beraz, datozen urteetako erronka nagusia kirola sustatzea bada, mezua helarazteko gazteek erabiltzen dituzten kode eta kanal berberak erabiliz gero, helburua lortzeko aukera gehiago egongo dira.
Kirol esparruan hasi dira goi mailako klub eta kirolariak sare sozial birtualak erabiltzen beren jarduera ezagutzera emateko eta munduan zehar dauzkaten jarraitzaileengana gerturatu eta erlazionatzeko. Lance Armstrong txirrindularia, adibidez, Twitterren erabiltzaile iaioa da eta Liverpool FC klubak Facebooken partiduen egutegia, lortutako emaitzak, argazkiak, bideoak, e.a. ditu.
Gure inguruan ere aurki ditzakegu mota honetako ekimenak. Esaterako, Gipuzkoan Legazpiko Kirol Patronatuak antolatzen dituen jardueren berri ematen du Facebooken eta Udal instalazioen argazkiak ditu. Bizkaiko Ibaizabal Saskibaloi Taldeak ere klubeko albisteak, bideoak, argazkiak, partiduen egutegiak, e.a., ditu Facebooken eta hauei guztiei buruz hitz egiteko aukera eskaintzen du.
Ez dira gutxi interneten aurki daitezkeen sare sozialak eta askoz ere gehiago dira hauek eskaintzen dituzten aukerak. Beraz, ez galdu denbora eta jarri martxan komunikazio sistema berri hau gazteei kirola gerturatzeko!
Post hau Kirola eta teknologia barruan kokaturik dago.