Ainhoa Azurmendi(e)k 2009-Uztailak-03

Duela urte batzuk pilota elkarte bateko emakume presidente bat ezagutu nuen; zera esaten zuen: “hemen, ia, ez baduzu hatza okertuta eta puroa ahoan arraro begiratzen zaituztete”. Zuzendaritza Batzordeetaz gain, pilotan emakume entrenatzaileak topatzea ere ez da batere erraza. Baina zorionez, badago bidea irekitzen duen salbuespenen bat.
Tradizioz gizonek egin dituzten kiroletan emakumeen partaidetza, askotan, salbuespen kontua izan da. Seguruenik askok jada hori ez dela gertatzen esango dute, nahi duenak aukera duela edozein kirola egiteko. Baina hori pentsatzen duenari, eskutik heldu eta “buelta bat ematera” eramango nioke. Goazen.
Esate baterako, herri kiroletan, jada ohikoa da emakumeak lokotsa edo sokatira bezalako probetan aurkitzea, baina gauza bera esango al genuke harrijasotzaileetaz? Antzeko zerbait gertatu da arraunketan. Behar bada orain arte inor ez zen harritzen emakumeak aulki mugikorreko arraunketan ikustea, edota tostako arraunean, bateletan. Baina traineruak? Zer dela eta orain arte ez da emakumeen trainerurik egon? Zein izan da arrazoia? Eskaintzarik egon ez izana ala neskek interesik eduki ez izana?
Bada, antzeko zerbait gertatzen ari da pelota munduan. Egun, neska-mutil guztiek aukera dute hamairu urteetararte eskupilota egiteko eta lehiaketetan parte-hartzeko. Ordea, kadete mailara igarotzen direnean soilik mutilek dute aukera eskupilotan jokatu eta lehian aritzeko, hots, ez dago neskentzako eskaintzarik. Ondorioz, paletan jokatzen hasten dira, kirolaz aldatzen dute edo kirola uzten dute.
Zergatik ez da orain arte nesken eskupilotako lehiaketa kadete mailatik aurrera eskaini? Ziurrenik, orain gutxi arte eskupilota mutilek egiten zuten kirola zelako, eta egun, nahiz eta neskak infantil mailan aritu, gero nerabezaroan frontoian eskuz aritzeko haientzat gehiegi (handiegia) dela uste delako. Baten batek esan zezakeen neskek ez dutela gustuko eskupilota, baina egun infantil mailan badago eskupilota ondo asko egiten duten neska taldea, eta gainera, eskaini ez dena, ezin esan daiteke gustokoa ez denik. Duela bi aste Getxon izan nintzen Bizkaiko Pilota Federazioak antolatutako “Emakume pilotarien egunean”, eta neskek gustura eta ondo jokatu zuten eskupilotan. Uste dut neskentzako ere eskupilotako lehiaketa eskaini beharko litzatekeela kadete mailatik aurrera, horrela, orain infantil mailan kirol honetan gogoz aritzen diren neskek ondoren, hamalau urtetik aurrera, disfrutatzen jarraitu ahal izango lukete.
Eta herri honen eta pilotako kirolen tradizioa hain da handia, Txapelaren sinbologiak kontzienteki edo inkontzienteki desberdintasunak azpimarratzen dituela neska eta mutilen artean. Esaterako, orain aste batzuk Amurrion ospatutako Txapelketan mutil irabazle guztiei txapela eta kopa eman zieten; neska txapeldunei aldiz, soilik kopa. Bertan parte-hartu zuten zenbait elkarteek lotsaren lotsaz antolatzaileei desberdintasun horren gain azalpenak eskatzean, argudioa baliabide ekonomiko nahikoak ez edukitzea izan zen. Esan beharrik ez daukat ene ustez dirua egon ezean inork ez lukeela txapela edo koparik jaso behar, baina okerrena da, txapelketa hori erakunde publiko batek diruz-lagunduta egonez gero legez kanpo jokatu zutela antolatzaileek (4/2005 Berdintasun Legea, 25 Artikulua). Hau guztia, zoritxarrez, uste baino sarriago gertatzen da.
Beraz, nahiz eta ustea nahi duenak nahi duena egin dezakeela izan, oraindik ere badaude zenbait oztopo emakumeek eta gizonek kirolean berdintasunean parte-hartzea eragozten dutenak. Eta horixe da hain zuzen gure erronka, guztiak gainditzea.
Post hau Emakumea eta kirola barruan kokaturik dago.